Dabilen Harriari Goroldiorik Ez (Liburua+DVD)

Egilea: Batzuen artean

Argitaletxea: Autoedizioa

Azken urteetan herri eragile eta herri mugimenduetako kide ezberdinen ahotik, makina bat galdera eta ezinegon jaso izan ditugu. Ez gara gu izan militantzia ereduen eztabaida mahai gaineratu dugunok, kezka hori bolo-bolo sumatu izan baitugu herri eragile ezberdinen artean. Zer gertatzen ari da aktibismo politikoarekin? Zer aldatzen ari da, zerbait aldatzen ari baldin bada? Zer dugu hobetzeko? Zer etorkizunean saihesteko? Zer dugu akuilu eta zer oztopo?
Militantzia ereduei buruzko proiektua horrela hasi genuen, kezka horiek jasoz eta horretan gehitu genezakeen hondar aletxoa zein izan zitekeen geure buruei galdetuz. Azken finean, gaia mahai gainean jartzeak ezinbesteko lanketa dakar. Punta askoko izarra baitugu, dimentsio ugarikoa. Bide horri 2012. urtean ekin genion, lan talde espezifikoa sortuz. Tirriki-tarraka oinez hasi ginen. Horretan ari ginela barne horizontaltasuna lantzeko tresna ezberdinen lanketa egiteko beharra zein gonbitea agertu zitzaigun, eta horri erantzunez beste lan talde bati sorrera eman genion.
Bi taldeok hurbilekoak diren gaiak landuz egin dugu ibilbidea. Bakoitzak berea, propioa. 2013. urtean baina, gogoetok eta lanak elkar ukitzeaz harago, gurutzatu ere egiten zirela ohartuta, bi taldeon uzta batean bildu eta aurkezten ari gatzaizuen gogoeta hau batera eraikitzea erabaki genuen. EHko hainbat herri eragile eta 200 bat banakakorekin batera 2012.urtetik 2014.urte arte burutu den gogoeta prozesua izan da hau beraz.
Bi urteko prozesuaren ostean "Dabilen harriari goroldiorik ez" izena eramango duen Liburu eta DVDa argitara emango dugu.