Euskal pentsamendu berritzailearen sorrerak

Egilea: Iztueta / Apalategi

Argitaletxea: Utriusque Vasconiae

Zabal-ek bete zuen aurreko aldizkariek utzitako hutsunea, baina era berritzaileaz. Izan ere, gizartearen azterketa ikerlan eta saio soziologikoen bitartez gorpuztea lehenetsi zuen. 68ko Maiatzaz geroztik indartsua zen soziologia kritikoak eta marxistak eragin zuzena izan zuen aldizkari horretan, abertzaletasuna eta pentsamendu ezkertiarra uztarturik (Euskararen kate hautsiak, 2013, 201).
Zabal-ek berrogeita hamar lankidetatik gora bildu zituen bere ingurura eta bere lau urteko ibilialdian zehar ahots propioa, autonomoa, kritikoa, berria barreiatu zuen. Politikagintzaren eta kulturgintzaren arteko muga ilunak argitzen ahalegindu zen. Idazle-talde gazte eta eskolatu hau izan zen Euskal Herriaren Iparra eta Hegoa elkartu zituena eta euskal letretan pentsamendu berritzailearen hazia erein zuena, frankismo ondoko aro nahasian loratzen joan dena, gehienbat mundu akademikoan.