Fisika jostagarri
Egilea: Eduardo de Campos Valadares
Argitaletxea: Elhuyar Fundazioa
Eduardo de Campos Valadares brasildarra Fisikan doktorea da, eta orain dela urte batzuk Física mais que divertida liburua argitaratu zuen bere herrialdean. Gaztetxoen artean fisika dibulgatzeko liburu oso erabilgarria zela ikusirik, ingelesera itzuli zuten ondoren, eta, orain, euskarazko bertsioa argitaratu du Elhuyar Fundazioak.
Fisika jostagarri liburuak 100 esperimentu baino gehiago jasotzen ditu, bost ataletan banaturik:
- Mekanika dibertigarria
- Argiarekin jolasean: Optika
- Atomoen mundua eta gure mundua: Hotza, beroa eta burbuila erraldoiak
- Soinuekin jolasean: Akustika;
- Esperimentu elektrizatzaileak: Elektrizitatea eta magnetismoa.
Bakarrik nahiz taldean lantzeko esperimentuak dira, eta helburua da fisikako gertakariak era dibertigarri batean eta hizkera egokian helaraztea gaztetxoei. Esperimentuak oso erraz ulertzeko moduan azaltzen dira, betiere edukien zorroztasuna gutxietsi gabe. Gainera, esperimentuak egiteko behar diren osagaien zerrenda emateaz gain, zer segurtasun-neurri hartu behar diren ere azaltzen du. Hala, material eskuragarri eta merkeetatik abiatuta, fisikaren, eta oro har, zientzien jakintzan sar gaitezke.
Liburu hau Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak fisikaren gertakariak ezagutzeko oso egokia da.