Gabriel Ferrater (1922-1972)

Egilea: Gabriel Ferrater

Argitaletxea: Susa Literatura

Itzultzailea: Aritz Galarraga

Munduko Poesia Kaierak bildumako 9. zenbakia:
Gabriel Ferraterren ibilbide poetikoa bere bizitzaren iruditzat har liteke: biak izan ziren nahiko laburrak, biak amaitu ziren Ferraterren borondate irmoaren kariaz. Ezaguna da gertaera: sarritan aipatu zuen lagunartean berrogeita hamar urtetatik aurrera bizitzen jarraitzea ez zuela merezi, eta, unea ailegaturik, bere buruaz beste egin zuen haren adiskide behiala sinesgogorren harridura eta oinazerako. 1972ko apirilaren 27a zen, hogeita hiru egun falta zitzaizkion berrogeita hamargarren urtemugarako.
Tartean, bizi hitza merezi izan zuen bizialdi bat eduki zuen, intentsua gorabeheratsua bezain. 1922an jaio zen Reus-en, eta gazterik, Bordelera joan zen familia, gerratik ihesi. Han hartu zuen estreinakoz esku artean Charles Baudelaireren Les Fleurs du Mal (Gaizkiaren loreak), eta hark eragin zion liluraren berri eman zuen bere poema ezagunenetako batean, In memoriam-en. 1936ko Gerraren piztean kokatuta, garaiko gazte baten hezibide sentimentala marrazten digu nolabait ale luze horrek.
Izan ere, Ferraterren poesiaren oinarrian begirada moral eta psikologikoa dago, baina hari buruz abstraktuki jardun beharrean, egoera edo irudi konkretuak lagun ekartzen du orri artera. Idazteko modu horren sakonean T.S. Eliot-en “korrelatu objektiboa” kontzeptua suma dezakegu, zeinaren arabera, poetak, bere sentipenak, kanpoko objektu zehatzen bidez ematen dituen.