Galerna
Egilea: Iratxe Esnaola Aldanondo
Argitaletxea: Elkar
Abuztuko azken eguna da itsasertzeko hiri turistiko batean; beroa jasanezina da, eta galerna datorrela antzematen da. Giro sargori horretan lau pertsonaia: Nora eta Sebasian Bechener, batetik, adin ertaineko turista bikotea, bata besteaz aspertuak eta sentsazio berrien bila, zer nahi duten argi ez badakite ere; hoteleko zuzendaria eta bere alaba nerabea, bestetik, nora ezeko uharte banatan sartuak, ametsaren eta errealitatearen arteko arrakalan eroriak. Lauren arteko harreman sare bat hedatuz doa, gero eta nahasiagoa, guztiak ere korapilatuko dituena.
Erritmoaren erabilera zehatzez eta tentsioari une oro eutsiz, sentimenduen biluzte-ariketa bikaina egin du egileak Augustin Zubikarai nobela labur saria irabazi duen lan honetan.
Erromantizismoaren antipodetan, pertsonaiekiko distantzia nabarmen uzten duen idazkera hotz eta zorrotz baten bidez, opera prima batean harrigarria den trebezia erakusten digu Iratxe Esnaolak, eta bihotzaren barrunbeen ezagutza sakona.