Gorren Dantzalekua
Egilea: Aritz Mutiozabal
Argitaletxea: Maiatz
Pertsona gor bat dantzalekuan jendez inguratuta dago, baina galduta sendi daiteke, bakarrik, jokoz kanpo. Idazleak ere sentsazio bera izan ohi du, batez ere dilema bat duenean, eta ez dakienean dilematik nola atera: zeini egin kasu, bihotzari ala arrazoiari, buruari? Ataka horretatik ateratzeko poesiak idatzi ditu Aritz Mutiozabal zarauztarrak, zoriontasunaren bila dabilen poesia-liburua da: "Aldamenean itzalak dira; desagertu bitez; nigan sinetsi nahi dut".
Arrazoien aurrean batzuetan gorrarena egiteko gogoa du, baina zoritxarrez, gizartean ere badago joera hori, zeren gorra baita nahi duena soilik entzuten duena ere. Eta horrelakorik ere bada liburuan. Baina hala ere, sozialetik baino gehiago du pertsonaletik liburuak: “Bizitza autobidez josita dago, askotan bidegabeki ordaindu beharreko arantzelekin, eta norbere errepidean zuzen gidatzea erraza bada ere, bidegurutzetan galtzeko ohitura dugu”