Hilda dago poesia?
Egilea: Joseba Sarrionandia
Argitaletxea: Pamiela
Itzultzailea: Joseba Sarrionandia
EDERRA EZ ZAIGU ZERTAN GUSTATU Gabriel Aresti eta Jon Mirande, Mikel Lasa edo Joxe Azurmendiren poemak irakurtzen genituen sasoian ezagutu nuen nik Witold Gombrowicen “Poeten aurkako libeloa”. Ez zitzaidan iruditu poesiaren aurkakoa, baizik poesia ustez puru eta ederraren kontrakoa, poesia poltsikoan dakarten poeta gogaikarrien aurkakoa. Edertasun poetikoaren bila ari garela galtzen baitzaigu, batzuetan, poesiak jendearekin izan behar duen erlazioa. "Ederra ez zaigu zertan gustatu”, zioen Witold Gombrowicek. “Kulturak gizakiarekin harremana galtzea nahi ez badugu, gure ariketa lantsuak abandonatu behar genituzke noizean behin, jakiteko ea egiten dugunak adierazten gaituen ala ez." Ederra ez zaigu zertan gustatu. Mugimendu estetikoek bata bestearen atzetik doaz, baieztapen faltsu eta aurreiritzi finkoen kate loretsua bazterrean utzirik, eta, dena dela, horixe da arazoa: idazten dugunak adierazten gaituen ala ez. Baina poesia idaztea ez da adierazpide bat bakarrik. Idaztea, irakurtzea bezala, errealitatean parte hartzeko modu bat da. J.S. (liburuaren aurkezpenerako bidalitako hitzak)