Jende desegokia
Egilea: Gaizka Zabarte
Argitaletxea: Susa Literatura
Desegokituen Elkarteak gonbita egin zion Peter Zuazori «DESegokitu» izeneko jardunaldietan parte hartzeko. Jakinarazi ziotenez jardunaldi pluridiziplinarrak izango ziren, zeinetan ikuspuntu orotatik landuko baitzen izenak iradokitzen zuen gaia. Emailez iritsi zitzaion gonbita. Gonbit arraroa.
Goizero gosaldu ostean irekitzen zuen posta. Ia beti gosaldu ondoren ze, baziren egunak goizak bereak emanda altxatzen zena ohetik. Beste batzuetan, ordea, goiza hastear zela jaikitzen zen. Ez zegoen jakiterik: izan zitekeen berandu oheratu eta ordu gutxiren buruan erabat esna egotea eta altxatzea. Eta izan zitekeen goiz oheratu eta eguerdira arte lo seko egotea edo erdi esna, inolaz ere ez behintzat ohea uzteko moduan. Alkohol ingestak ez zuen zerikusirik bere loaren luze-laburrean (gera bedi esanda), faktore ezezagunen menpe baitzegoen. Zientzia medikuak frogatua...