Munstroek ere pixa egiten dute ohean
Egilea: Pello Añorga
Argitaletxea: Pamiela
Ilustratzailea: Jokin Mitxelena
Munstroek ere pixa egiten dute ohean liburuak keinu bat egiten dio beste liburu bati: Maurice Sendak-en Piztiak bizi diren lekuan delakoari. Liburua 1963an argitaratu zen eta hasieran galarazia egon arren, agudo, bere lekua aurkitu zuen haur literaturaren korronte psikologikoaren barruan. Spike Jonze-k ere, berriki, 2009an, filma bat eskaini zion. Album honetan, aipatutako album hartan ez bezala, neska bat da protagonista nagusia, eta gustatuko zaio munstroen lurraldera joatea, eta, munstroak lagun, munstrokeriak egitea, helduen mundua trasgrediturik. Dena den, Sendaken liburuan ez bezala, munstroen lurraldea agertuko da hemen ez leku dibertigarri gisa bakarrik, baita amets gaiztoen leku ikaragarri modura ere. Munstroek eta haurrek ohe berean lo egiten dute eta, hortaz, ez da harritzekoa, haiek ere haurrak bezain beldurtiak izatea. Noski, Valentina neskato ausartak laguntza eskainiko die munstroei eta, azkenean, puzten eta puzten doan beldurra, barre algara eta lasaitasun bihurtuko da. Testuari eta irudiei buruz esan (epaimahaikideen hitzetan ): «elkar josita datozela, jolasa motor eta emozioa kide direla»…«Musika darie hitzei eta bizia irudiei»… « Irudien plano eta perspektibak ere bat datoz testuaren erritmoarekin» . . . «Garatzen doan kontaketari aniztasuna eta interes bisuala eransten dizkiote». Pello Añorga idazlea eta Jokin Mitxelena ilustratzailea 80. hamarraldiko erdialdean hasi ziren elkarlanean eta ordutik askotan osatu dute idazle ilustratzaile bikotea. 2006an Gerlari handia (argitaletxe honetan argitaratua) lanarekin ere Etxepare saria irabazi zuten.