Sophia de Mello (1919-2004)
Egilea: Sophia de Mello
Argitaletxea: Susa Literatura
Itzultzailea: Iñigo Roque
Munduko Poesia Kaierak bildumako 8. zenbakia:
Fernando Pessoaren figura hain da erraldoia Portugalgo poesiaren baitan, ezen haren aurreko eta ondorengo poesiagintzaz hitz egiten baita. Pessoaren ondorengo poeta nabarmenetakoa dugu, bada, Sophia de Mello Breyner Andresen, zeinak, bidenabar, maisuaren eragina jaso zuen (ikus Zikladeak). Izen luze horrekin sinatzen zituen liburuak, amaren abizena aitarenaren aurretik paratuz.
1919an jaio zen Porton sendi aristokratiko baten abaroan eta filologia klasikoa ikasi zuen Lisboako Unibertsitatean. Ez alferrik, gerora idatziko zuen poesia erreferentzia klasikoz josirik egongo da, batez ere Grezia zaharretik hartutakoak. Oso gazterik hasi zen poesia idazten, eta besteak beste, Cadernos de Poesia aldizkarian argitaratu zituen lehenengo poemetako batzuk, Eugenio de Andrade, Jose Regio, Jorge de Sena, Miguel Torga eta beste zenbait idazle portugaldar puntakoren aldamenean.
De Melloren poesia hertsiki dago loturik ezagutza estetikoarekin. Ezagutzak eta estetikak, egiak eta edertasunak, betidanik izan dute harreman paradoxikoa. Esaterako, ezagutzaren osotasunean aporia bat zegoela adierazi zuten Frankfurteko Eskolako filosofoek (Adorno, Wellmer). Alde batetik ezagutza diskurtsiboa genuke, esan daitekeen egia ez-konkretua; bestetik, ezagutza estetikoa, esan (logikoki) ezin den egia konkretua. Horregatik ezin dugu inoiz ezagutza absoluturik erdietsi, beti dagoelako galera alderen batetik.